Berta Osés Suárez. 1975ko urria, Iruñea. Ehun-artista eta argazkilaria.
Emakume txiki honek oso gogoko ditu wasabi-a eta mozorrotzeko aukera ematen dioten ospakizunak. Era berean disfrutatzen du All about Eve filmarekin, Blue in the Face, edo Life of Brian ikusten.
Eta oihala maite du. Hura ukitzeak, haren laztana eta epeltasuna sentitzeak lotura zuzena dauka afektuen munduarekin berarentzat. Txikia zenean burko-azala ukituz hartzen zuen loak, bere hartzatxo kutunena besarkatzen zuen bitartean. Bere konfiantzazko laguna izan den hartza horrek askotan ikusi du Berta ispiluaren aurrean bere burua prestatzen, eta kalera irten baino lehenago praka batzuk kateorratzez eraldatzen, edota kamiseta baten lepoa mozten.
1998 urtean irudiko eta soinuko teknikari espezialista gradua lortu zuen, eta zenbait urte eman zituen ikus-entzunezkoen munduan lan egiten, eta arte eszenikoen alorrean. Halere, zinema-industriarekin ez zetorren bat, eta lanbidea alde batera uztea erabaki zuen. Ondorengo urteetan lanez-lan ibili zen, eta horiek erakutsi zioten zer ez zuen egin nahi, eta aldi berean bere bidea zein zen ikusten lagundu zioten. Horrela aurkitu zuen egin nahi zuen hori. 2007an Beruta sortzen da, etengabe garatzen ari den bizi proiektua. Horren bidez Bertak sormena askatu eta bizimodu jasangarri bat aldarrikatzen du, bere printzipio eta motibazioekin bat egiten duena.
(Testuak: Saioa Esparza)
Berutaren lanak bitxitasuna goraipatzen du.
Pieza bakarrak dira eta bakoitzaren bidez Berutak abiapuntu bat proposatzen dio hartzaileari; hau da, piezarekin konektatzeko aukera ematen dio, sentitzeko aukera, eta haren inguruan esanahi berezi bat eraikitzeko bidea eman.
Bere adierazpen tresnak ehuna, janzkera, eta irudia dira. Horiekin jolastuz bere emozioak hausnartzen ditu, bai ezustekoen eta akatsen edertasuna, bai eta bestelako kontzeptuak ere; hala nola banakotasuna, barne munduaren eta esparru sozialaren arteko harremana, eta norberaren lekuaren bilaketa.
Bere senari jarraituz egiten du lan.
Ideia batetik edo sentsazio batetik abiatzen dela aukeratzen ditu oihalak, eta, ondoren, sormen prozesua dauka gidari, hartan parte hartzen duten elementuen ezaugarriekin bat: oihalaren bilbeko ñabardurak, koloreen jokoa, zoriaren zirrara… Apurka-apurka konposatzen du sumatutako hori, eta hura pixkanaka marrazten du, puntadaz puntada. Detaile txiki batek dena alda dezake berarentzat, eta horri esker, nahi gabe izanda ere, espero zuen zentzua iritsi dezake, esku artean duen pieza biribilduz. Bere Poirot maitearen pasarte bat balitz.